Asparrena
Asparrena www.asparrena.eus

AJURIAKO FABRIKA ETA IKAZKINAK

Araiako San Pedro lantegia

Araia leku pribilegiatua izan da burdinaren industriak aurrera egiteko. Aratzeko burdina meatzeei esker, egur ugari izateari esker, eta ura ere erruz zegoenez, Araian probintziako burdinola ezagunenetako batek egin zuen bidea. 

Araian aurretik beste burdinola batzuk izan arren, "Araiako San Pedro" fundizio konplejua, Ajuriako fabrika bezala ezagutzen dena, izan da dudarik gabe garrantzitsuena.1848tik bere itxierararte 1985tean  metalurgiako beste enpresa askoren aurrekaria izan zen.Goldeek lehenik eta eultzilariek ondoren, esparru osora zabaldu zuten Araiaren izena. Bertan ezarri ziren estatu osoko indukzioko lehen labe elektrikoa eta Euskal Herriko lehen labe garaietako bat. Euskal Herriko lehen siderurgia enpresa modernoa izan zen Boluetakoarekin (Bizkaia) batera.

Ajuriako lantegiak bi mugarri ezarri zituen. “Enpresaren interesgarritasuna areagotzen da 1929an burdina gozoa ekoizten jarraitzen zuen enpresa espainiar bakarra bihurtu zelako, pudelaketaren prozeduraren bidez egiten zuen, eta 1933tik egur-ikatzezko lingote ekoizle bakarra ere bai. Hori gutxi balitz, enpresa Espainiako siderurgiaren historiako beste une garrantzitsu baten protagonista izan zen: 1906an, altzairua fabrikatzeko Espainiako lehen labe elektrikoa abiarazi zuen; azkar egin zuen bere fase esperimentalean zegoen teknologia hori, lehen probak hamar urte lehenago egin baitziren Europan”.

XIX. mendearen amaieran, Araiako San Pedro lantegiaren jabeek “Iturburua” izeneko presa eraiki zuten, eremuko baliabide hidraulikoei etekin handiagoa ateratzeko. Presak bi ubide zeuzkan: batak zentral hidroelektrikora eramaten zuen ura eta besteak lantegiko eta burdinolako instalazioetara. Ubideak euste-urtegi txiki batzuetan amaitzen ziren, uraren igarotzea erregulatzen zutenak lantegiko makineriari eragiten zioten turbinak mugiarazteko.

Ajuriako lantegiak “hainbat berritasun ekarri zituen: siderurgiako aldaketa teknologikoen azterketa, merkatuen ezagutza sakona -ordura arte guztiz ezezaguna-, kartel industrialen jaiotza, langileen bizi-mailari buruzko informazio zabala eta enpresa familiar baten estrategiak etekinak berrinbertitzeko. Etekin haietatik enpresa garrantzitsuak atera ziren, besteak beste, Ajuria y Aranzábal, La Azucarera edo La Iberia, Bizkaiko Labe Garaien jatorrizko muina”.

Lantegi honek, “faktore gutxi samar batzuekin, bere saiakera berritzaile muturrekoenek porrot egin ondoren, bizirik irautea lortu zuen, menderatzen zuen teknologia, baliabide “tradizionalak”, kokapen geografikoa eta merkatu bitxiak, hau da, estuak eta dibertsifikatuak, uztartuz”.
Lantegiko langile kopurua aldakorra izan zen, abagune ekonomikoen araberakoa; hala, 1961-1963an, 90 langile zituen, eta 1916-1920an, 216 izatera iritsi ziren. 1871n, langileen jatorria ondokoa zen: 20-25 Araiakoak, 35 Arabako beste herri batzuetakoak, 29 Bizkaikoak, 21 Gipuzkoakoak, 9 Nafarroakoak, 2 estatuko beste leku batzuetakoak eta 3 frantziarrak. Soldatak prestakuntzaren araberakoak izaten ziren. 1912. urteari erreparatuta, soldata handiena pudelaketan aritzen ziren langileek jasotzen zuten, 241 pezeta hilero, eta baxuena, aldiz, ijeztaile laugarrenek: 63 pezeta. 1867an, lanaldia hamabi ordukoa zen (hamar ordu eta erdikoa, jateko atsedenak alde batera utzita).

Burdinolen inguruan, ikatzaren ekoizpena sortu zen. XVII-XIX. mendeetan, kintal bat burdina lortzeko lau zama eta erdi egur-ikatz behar ziren, eta hori garraiatzea oso zaila zen. Burdinolak asetzeko ikatz beharrak eragin zuen inguruan ikazkin taldeak sortzea. Hainbat tokitatik hurbiltzen ziren soldata irabaztera.

Ikazkinak eta haien aztarna Asparrenan

Iraganean, Asparrenek egur aberastasun handia izan zuen eta hain zuzen aberastasun horretatik eratorritako lanbideetako bat ikazkinarena izan zen.

Gaur egun, pagadietan ikaztegi zaharren aztarnak ikus daitezke: eremu lau eta biribilak, zuhaitzik gabeak eta oso lur beltzez estaliak. Horien inguruan, oinarri sendoko pagoren bat aurki daiteke, zeini garaiera jakin batetik aurrera hamar adar ere ateratzen zaizkion, jada zuhaitz bihurtuak. Pago hauek dira txondorretan egurra egiteko kimatzen zirenak. Beste batzuetan, oholtzak egiteko balio ez zuen soberako egur adabegitsuetatik ateratzen zen ikatza.

Atsedenaldi urrietan, ohikoa izaten zen langileak elkartzea eta ezagutzen zutenaz hitz egitea: egurraz eta ikatzaz. Halakoetan gertatu ohi den bezala, nork bere ogibidearen xehetasun guztiak ezagutzen dituela uste izaten du. Eta, orduan, eztabaida sortzen da. Eta, eztabaidaren ostean, erronkak eta apustuak.

Hala gertatu omen zen Araian zeuden bi ikazkin talderen artean, bata Bizkaikoa eta bestea Arabakoa. Aizkorarik onena nork zeukan eztabaidatzen hasi ziren. Lehenengoen aizkoraren ahoa biribila zen; bigarrenena, ordea, karratua. Erantzunik onena duelu batek emango zion kontuari.
Eta hala izan zen. Hurrengo igandean, bi taldeak bildu ziren, nor bere erreminta onenekin, jendaurrean erronka egiteko. Ez dago argi erronka nork irabazi zuen. Baina badakigu gero dantzaldi alaia eta afari indargarria egon zirela.

Gaur egun, Andra Marin dagoen eskulturak gogorarazten digu gertakari hura.

Euskal Herriaren idiosinkrasia soziokulturalaren isla fidela izan zirenak oroitzeko, Asparrenek omenaldia egin nahi izan zien eta, ondorioz, eskaera egin zion Juan Ezkurra inguruko azken ikazkinari txondorra bat eraiki zezan, gazteek zein helduek besteak beste Ajuria altzairu-fabriken inguruan eratutako ohitura zaharraren berri izan dezaten.Esan eta egin: Juan Ezkurrak eta Bittor Olabeagak, Kepa Azkonaren laguntzaz, herriaren historiaren kapitulu bat gogorarazi nahi izan zieten herritarrei.

Txondorrak 2,40 metroko garaiera dauka eta teilapea jarri zaio negu latzari aurre egin ahal izateko. Halaber, panel batzuk jarri dira txondorra eraikitzeko jarraitutako prozesua azaltzeko bisitariari.

Informazio gehiago irakurtzeko klikatu HEMEN
 

 

Erabalitzaileen nabigazioaren analisia egiteko gure cookie-ak eta bitartekoenak erabiltzen ditugu. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilpena onartzen duzula hausnartzen dugu.
Hemen konfigurazioa aldatu edo informazio gehiago lortu dezakezu.

Copyright © 2013 Asparrena. Eskubide guztiak babestuak.
DMacroWeb-ek eraikitako web orria DM Corporative erabiliz